sábado, 7 de noviembre de 2009

ZENTZUMENEKIN JARRAITUZ, GORPUTZA EZAGUTUZ


Aurreko inguruneko saioei jarraituz, ikasle guztiak bikoteka jarri dira eta arbelera irten dira eurek landuriko zentzumenari buruz hitz egitera. Bikote bakoitzak bere mapa kontzeptuala egin du arbelean eta beste ikasleei mapa kontzeptualaren nondik norakoak azaldu dizkiete. Orokorrean, nahiko ongi ulertu dituzte kontzeptuak, baina, ikasle batzuk, ez dute arreta gehiegirik jarri eta horrek klasea moztea ekarri du behin baino gehiagotan. Gehien landu duten zentzumena entzumenarena izan da, izan ere, aurreko saioan, ulermenari eman baitzioten garrantzia gehien. Azalpenetan dudak izan dituzten ikasleek galderak egiteko parada izan dute eta egia esan arbelera irten direnek oso ongi erantzun dituzte duda orori buruzko galderak. Ikusten denez, lan hauek aurrera eramateko mapa kontzeptualak baliagarri suertatzen dira eta ikasleak egunez egun erraztasun handiagoarekin garatu eta osatzen dituzte mapa kontzeptualak. Gainera, mapa kontzeptualak egiteko, testuetatik informazio garrantzitsuena hautatu behar izaten dute eta gaitasun hori garatzeak berebiziko garrantzia duela uste dugu. Entzumenari buruzko azalpen eta aurkezpenak amaierara iritsi direnean, ikasleak euren lekuetara itzuli dira eta guztiek mapa kontzeptualak kopiatu dituzte koadernoetan, guztira 3 mapa kontzeptual ezberdin. Irakasleak garrantzia handia ematen dio ikasleek kopiatzen dutena ulertzeari eta horregatik klase amaieran kopiatzen dituzte kopiatu beharreko gauzak, hau da, informazioa ulertu eta barneratu ostean. Klasea bere amaierara heldu aurretik, azken 5-10 minutuak 2 ikaslek berri bana emateko aprobetxatu dituzte. Ikasle hauek, etxetik berri bat prestatuta ekarri dute eta arbelera aterata euren ikaskideei eman diete berri horren azalpena. Saio honen ostean, zentzumenen gaia amaitutzat eman du irakasleak eta uste dugu ikasleek informazio garrantzitsua barneratu dutel ikaste modu egoki honen bidez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario