martes, 1 de diciembre de 2009

IRAKURLE ETA IDAZLE LANETAN


6.A mailako ikasleek, irakurle lanak egin behar izan dituzte errekreo garaia igaro ostean eta horretarako liburutegira joan dira. Urtean zehar, hamabost egunean behin, ikasleak liburutegira joaten dira eta bertako liburu bat hartu eta irakurtzen ematen dute ordua. Gaztelaniako ordua izaki, liburuak gaztelerazkoak izatea dute baldintza bakarra ikasleek eta egia esan, ikasleek oso ongi pasatzen duten ordua dela esan beharra dago. Neskak eta mutilek genero desberdineko liburuak hartzeko joera dute, mutilek abentura eta akzio liburuak hautatzen dituzte eta neskek, berriz, amodioaren ingurukoak dituzte nahiago. Ikasleek, liburua etxera eramaten dute irakurri ahal izateko eta irakurtzen amaitu ostean, beste ikasleei liburuaren laburpena egiten dio ikasle bakoitzak ikasgelan. Honekin, asko gozatzen dute neska-mutilek eta euren irakurmen zaletasuna handitzea lortzen ari da irakaslea.
Bestetik, hiruhilabete honetan idazmena ere lantzen ari dira ikasleak eta hori garatzen joateko, astero 15 lerrotako istorio bat idatzi behar izaten dute gaztelaniaz. Ondoren, idazlan horiek irakasleari entregatzen dizkiote ikasleek eta irakasleak zuzendu ostean ikasleei itzultzen dizkie. Zuzenketa horien ostean, ikasleek garbira pasatzen dute idazlana eta hiruhilabetea amaitu ostean liburuxka moduko bat egiten dute klaseko istorio guztiekin eta ikasle bakoitzak istorio liburu bat eramaten du etxera lagun.

martes, 17 de noviembre de 2009

MUGI DEZAGUN GORPUTZA!!!


Dr.Fleming ikastetxearen blogaren amaierara heltzen ari garelarik, ezinbestekotzat jotzen dugu heziketa fisikoari buruzko ekarpen hau egitea, izan ere, heziketa fisikoa baita etorkizunean lan egingo dugun esparrua. Hasteko, esan behar da, heziketa fisikoa ikastetxearen alboan dagoen polikiroldegian egiten dutela ikasleek. Polikiroldegiak arazo asko sortzen dizkie irakasleei negua heltzearekin batera, izan ere, polikiroldegian ura sartzen da eta ikasleek ezin izaten dute heziketa fisikoko saioa baldintza egokietan egin. Hala ere, irakasleak gogor saiatzen dira polikiroldegia egoera
onean mantentzeko eta lan horrek bere fruituak ematen ditu egunez egun.
6.Mailako ikasleekin egoteko parada izan dugun egunean, irakasleak hainbat gauza azaldu dizkigu eta urte guztiari buruzko planteamendua azaldu digu. Hiruhileko bakoitzean gaitasun ezberdinak lantzen dituztela azaldu digu irakasleak eta esan digu hiruhileko amaieran proba fisiko batzuk egiten dituztela ikasle bakoitzaren aurrerapena eta garapena ikusi ahal izateko. Gainera, azpimarratu digu, ikasleek badakitela proba fisiko horietan hobekuntza erakutsi beharra daukatela eta horregatik saioz-saio ahaleginak egitera konprometituak sentitzen direla.
Gu klasean egondako egunean, lehendabizi harrapaketa jolas bat egin dute ikasleek beroketa moduan eta horretarako lau harrapatzaile egon dira, beste guztiak iheslari lanetan jardun duten bitartean. Harrapaketa jolas hau amaitu ostean, ikasleek flexibilitate eta abiadura proba batzuk egin dituzte eta hori izan da atal nagusian denbora gehien bete duen tartea. Ikasleak gogotsu aritu dira bi proba horietan eta inor ez da gogorik gabe agertu. Flexibilitate proba egiteko ikasleak banku suediar baten gainera igo dira eta ahalik eta gehien makurtu behar
zuten. Abiadura proban berriz, 5 metroko tartean, 10 aldiz aurrera eta atzera korri egin behar izan dute ikasleek, ahalik eta denbora gutxienean. Proba nagusi horiek amaiturikoan, oreina eta azeria jolasa egin dute eta horretarako bi taldetan banatu dira, batzuk oreinak eta besteak azeriak zirelarik. Ariketa horrek eman dio klaseari amaiera eta ikasleek material guztia jaso dutenean errekreora joateko aukera izan dute.

"NI ERE BERTSOLARI""


Dr.Fleming ikastetxean, urtebete daramate "ni ere bertsolari" proiektuarekin buru-belarri murgildurik eta bertsolaritza landu eta sustatzea da proiektuaren helburu nagusia. Proiektu honen bultzatzailea Euskal Herriko Bertsozal Elkartea da eta hainbat bertsolari ezagun aritzen dira irakasle lanetan. Dr.Fleming ikastetxean, Amaia Agirre bertsolari villabonatarra izaten dute ikasleek irakasletzat eta berarekin bertsolaritza osatzen duten gauza oro lantzen dituzte. Astean ordubete izaten dute bertsolaritza lantzeko, baina, irakaslea hamabostean behin joaten da irakasle lanak egitera eta Amaia etortzen ez denean tutoreak eman behar izaten du bertsolaritza saioa. Hala ere, Amaiak prestaturik uzten dio tutoreari hurrengo astean landu behar den guztia eta horrela tutorea ederki moldatu ohi da bertsolaritzako klasea ematen. "Ni ere bertsolari" proiektua lantzeko ikasle guztiek liburu bat daukate eta bertako ariketak lantzen dituzte astean ordubete inguruz. Ariketa horiek motibagarriak eta politak dira eta egia esan ikasleek oso ondo pasatzen dute bertsolaritza klaseetan. Sarritan bertso zaharrak entzuten dituzte eta ikasleak abestera ere animatzen dira. Beste batzuetan, bertso bukaerak lantzen dituzte eta horiekin bertsoak osatu behar izaten dituzte ikasleek. Hala ere, ariketak anitzak izaten dira eta ikasleek ez dute aspertzeko denborarik izaten. Amaitzeko, esan dezagun, aurten Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa jokatzen ari dela urritik abendura bitartean eta ikasgelan zorrotz jarraitzen ari direla txapelketa hau. Astebururo bertso saioak ari dira izaten eta ikasleek saio horiei buruzko apustuak egiten dituzte klasean, hau da, nork irabaziko duen, nork egingo duen bigarren, hirugarrena zein izango den...
Esan genezake, ideia bikaina iruditu zaigula bertsolaritza ikastetxeetan lantzen hasi izana, horrela ikasleek hurbilagotik ezagutu ahal izango baitute bertsolaritzari dagokion oro eta espero dugu urte luzeetan horrela jarraituko dutela!!!

martes, 10 de noviembre de 2009

EUSKERA MAILA FROGATZEN!

Euskera irakasgaiari dagokionean, esan beharrean gaude, Dr.Fleming ikastetxean euskera irakasgaia ingurunea irakasgaiarekin uztartzen dela eta batean ematen diren gaiak bestean ere ikusten edo lantzen direla. Esaterako, ingurunean zentzumenak lantzen badituzte, euskeran zentzumenei buruzko ariketak egiten dituzte, hau da, idazlanak, gramatika... Hala ere, euskerako liburuak ez dira oso garatuak eta landuak eta irakasleak beste liburu batzuetatik hartzen ditu hainbat eta hainbat ariketa. Lexikoa, gramatika, fonetika... lantzeko ariketarik ez da ageri euskerako liburuan eta horregatik baliatzen da beste liburu batzuetaz. Egia esan, beste liburu horiei begira egon gara eta benetan liburu onak direla esan dezakegu, izan ere, maila bakoitzari egokituriko ariketak eta idazlanak eskeintzen baititu. Gu ikastetxean izan garen egun honetan, 6.A mailako ikasleek euskerako azterketa izan dute eta azterketa hau 6 ariketaz osaturik zegoen. Bertan, gehienbat, ulermena eta idazmena lantzea zen irakaslearen helburua eta horri egokituriko ariketak jarri dizkie ikasleei. Ikasleek, 45 minutu izan dituzte azterketa egiteko eta esan behar dugu ikasleek ez dutela inongo arazorik izan denboraren barruan azterketa amaitu ahal izateko. Hasieran, ikasle batzuk ariketa bat edo bestetan ulermen arazoak izan dituzte, baina, irakaslearen bigarren azalpen bat entzun ostean ez dute ariketa egiteko inongo arazorik izan. Ikasleek, orokorrean, euskara maila ona daukatela ondorioztatu dugu eta egia esan nahiko arriturik geratu gara ariketak egiteko izan duten erraztasunarekin. Orokorrean, gustora geratu dira ikasleak eta etxera joateko garaia heldu zaienean pozik eta saltoka joan dira ikasgelatik.

sábado, 7 de noviembre de 2009

ZENTZUMENEKIN JARRAITUZ, GORPUTZA EZAGUTUZ


Aurreko inguruneko saioei jarraituz, ikasle guztiak bikoteka jarri dira eta arbelera irten dira eurek landuriko zentzumenari buruz hitz egitera. Bikote bakoitzak bere mapa kontzeptuala egin du arbelean eta beste ikasleei mapa kontzeptualaren nondik norakoak azaldu dizkiete. Orokorrean, nahiko ongi ulertu dituzte kontzeptuak, baina, ikasle batzuk, ez dute arreta gehiegirik jarri eta horrek klasea moztea ekarri du behin baino gehiagotan. Gehien landu duten zentzumena entzumenarena izan da, izan ere, aurreko saioan, ulermenari eman baitzioten garrantzia gehien. Azalpenetan dudak izan dituzten ikasleek galderak egiteko parada izan dute eta egia esan arbelera irten direnek oso ongi erantzun dituzte duda orori buruzko galderak. Ikusten denez, lan hauek aurrera eramateko mapa kontzeptualak baliagarri suertatzen dira eta ikasleak egunez egun erraztasun handiagoarekin garatu eta osatzen dituzte mapa kontzeptualak. Gainera, mapa kontzeptualak egiteko, testuetatik informazio garrantzitsuena hautatu behar izaten dute eta gaitasun hori garatzeak berebiziko garrantzia duela uste dugu. Entzumenari buruzko azalpen eta aurkezpenak amaierara iritsi direnean, ikasleak euren lekuetara itzuli dira eta guztiek mapa kontzeptualak kopiatu dituzte koadernoetan, guztira 3 mapa kontzeptual ezberdin. Irakasleak garrantzia handia ematen dio ikasleek kopiatzen dutena ulertzeari eta horregatik klase amaieran kopiatzen dituzte kopiatu beharreko gauzak, hau da, informazioa ulertu eta barneratu ostean. Klasea bere amaierara heldu aurretik, azken 5-10 minutuak 2 ikaslek berri bana emateko aprobetxatu dituzte. Ikasle hauek, etxetik berri bat prestatuta ekarri dute eta arbelera aterata euren ikaskideei eman diete berri horren azalpena. Saio honen ostean, zentzumenen gaia amaitutzat eman du irakasleak eta uste dugu ikasleek informazio garrantzitsua barneratu dutel ikaste modu egoki honen bidez.

miércoles, 4 de noviembre de 2009

INGELESAK BELDURRA? BAI ZERA!


Ingeleserako gela berezi bat dute ikasleek eta egia esan behar bada oso ongi horniturik dago. Ikasgelaren lau paretak marrazkiz eta ingeleseko esapidez estalita daude eta horrek ikasleak eroso eta gustora sentiarazten ditu. Klaseari hasiera
emateko, irakasleak galdera batzuk egiten dizkie ikasleei eta ikasleek ozenean erantzuten dituzte galdera guztiak. Hori egin ostean, bi ikasle besteen aurrera ateratzen dira eta ingelesez elkarrizketa zabala izaten dute, elkar deskribatzen dute, egunean bertan zer eguraldi egiten duen aipatzen dute, zer data den esaten dute... Hori guztiaren aurrean, gu, txunditurik geratu garela aitortu beharrean gaude, izan ere izugarria iruditu baitzaigu adin horretan ikasleek duten ingeles maila. Irakasleak ordu guztia ingelesez hitz egiten ematen du, baina, ikasleak ez dira kexu azaltzen horren aurrean, bistan denez ohiturik baitaude horretara. Bi ikasle horiek eurenak egin dituztenean, euren eserlekura itzuli dira eta irakasleak banaturiko orri batekin hasi dira lanean. Orri horretako ariketak egin ostean abesti bat entzun dute ikasleek eta bigarren aldiz entzuten ari ziren bitartean abesten ere ausartu dira batzuk. Beraz, esan daiteke, ingelesari beldurra galdua diotela eta hori behin eta berriro azpimarratzeko kontua de
lakoan gaude. Abestiarekin amaitutakoan, ikasle guztiak zutitu egin dira eta aurrez ikasiriko antzerki moduko bat egin dute guztiek batera, hori bai, irakaslea gidari zutelarik. Antzerki horrekin amaitutakoan bakoitza bere lekuan eseri da eta etxerako lanak zuzentzeari ekin diote. Horrenbestez, klase amaiera heldu da eta ikasle guztiak txistua joz eta pozez gainezka joan dira jolasordura. Amaitzeko, aipatu beharrean gaude, ingelesa beste ikasgai batzuekin uztartzen ahalegintzen direla, ikasleen ikaskuntza prozesua hobea izan dadin eta momentu hauetan zirkulazio sistema lantzen ari dira ingeleseko klaseetan.

TANGRAMAREKIN JOLASEAN

Gaur, 6.A mailako ikasleak ikastetxera heldu bezain laster tailerretako ikasgelara joan dira, izan ere, tailerrak baitzituzten lehen saioan. Bertan, 5. eta 6.mailako ikasleak elkarrekin egoten dira, 4 taldetan banaturik eta talde bakoitza gela batean. Gela bakoitzeko tailerrak 3 hilabete inguru irauten du eta behin denbora hori igarotakoan gelaz aldatzen dira ikasleak, beste tailer bat egin ahal izateko. Gu, TANGRAM-a lantzen ari diren ikasleekin egon gara gaurkoan, eta egia esan asko gustatu zaigu. Ikasleek, egurrezko xafla bat dute lana egiteko baliabide nagusitzat eta bertan tangramaren formak egin dituzte orain arteko saioetan. Forma horiek tangramaren piezak osatuko dituzte eta horretarako ikasle bakoitzak zerra bat hartu eta bere tangramaren piezak moztu ditu banan-banan. Ikasleen jarrera aktibo eta partehartzaileak arritu egin gaitu eta era berean baita poztu ere. Jakin bagenekien tailerrak aunitz gustatzen zaizkiela ikasleei, baina, ez genuen espero horren langile eta gogotsu topatuko genituenik. Tangramaren piezak mozten amaitu zuten duela aste batzuk ikasle guztiek eta momentu hauetan pieza horiek koloreztatzen dihardute buru-belarri. Piezaren alde bat naranja kolorekoa eta bestea berde kolorekoa margotu behar dute. Alde bat margotzen dutenean, 10 minutu uzten dizkiote piezari lehortzeko eta 10 minutuak igaro ostean, beste aldea margotzeari ekiten diote. Ikasle orok bere tangram piezak koloreztatzen amaitzen duenean, irakasleak tangrameko irudiz osaturiko orri bat banatuko die ikasleei eta ikasle bakoitzak orri horretan dauden irudiak sortu beharko dituzte eurek aurrez eginiko tangramarekin. Hori guztia egindakoan, tangram tailerra amaitutzat emango da eta ikasleak tailerrez aldatuko dira beste denboraldi baterako.