miércoles, 4 de noviembre de 2009

TANGRAMAREKIN JOLASEAN

Gaur, 6.A mailako ikasleak ikastetxera heldu bezain laster tailerretako ikasgelara joan dira, izan ere, tailerrak baitzituzten lehen saioan. Bertan, 5. eta 6.mailako ikasleak elkarrekin egoten dira, 4 taldetan banaturik eta talde bakoitza gela batean. Gela bakoitzeko tailerrak 3 hilabete inguru irauten du eta behin denbora hori igarotakoan gelaz aldatzen dira ikasleak, beste tailer bat egin ahal izateko. Gu, TANGRAM-a lantzen ari diren ikasleekin egon gara gaurkoan, eta egia esan asko gustatu zaigu. Ikasleek, egurrezko xafla bat dute lana egiteko baliabide nagusitzat eta bertan tangramaren formak egin dituzte orain arteko saioetan. Forma horiek tangramaren piezak osatuko dituzte eta horretarako ikasle bakoitzak zerra bat hartu eta bere tangramaren piezak moztu ditu banan-banan. Ikasleen jarrera aktibo eta partehartzaileak arritu egin gaitu eta era berean baita poztu ere. Jakin bagenekien tailerrak aunitz gustatzen zaizkiela ikasleei, baina, ez genuen espero horren langile eta gogotsu topatuko genituenik. Tangramaren piezak mozten amaitu zuten duela aste batzuk ikasle guztiek eta momentu hauetan pieza horiek koloreztatzen dihardute buru-belarri. Piezaren alde bat naranja kolorekoa eta bestea berde kolorekoa margotu behar dute. Alde bat margotzen dutenean, 10 minutu uzten dizkiote piezari lehortzeko eta 10 minutuak igaro ostean, beste aldea margotzeari ekiten diote. Ikasle orok bere tangram piezak koloreztatzen amaitzen duenean, irakasleak tangrameko irudiz osaturiko orri bat banatuko die ikasleei eta ikasle bakoitzak orri horretan dauden irudiak sortu beharko dituzte eurek aurrez eginiko tangramarekin. Hori guztia egindakoan, tangram tailerra amaitutzat emango da eta ikasleak tailerrez aldatuko dira beste denboraldi baterako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario